2012/04/05

ERROTIK (Gotzon Barandiaran)

KAIXO LAGUNOK!

Ur Apalategiren "Fikzioaren izterrak" irakurrita, liburuari buruzko solasaldia egiteko elkartu ginen.
Liburua zazpi ipuinez osatua dago eta bikotea-maitasuna eta idazletza-arrakasta literarioa dira hari nagusiak.
Atseginez irakurri dugu liburu hau, eta solasaldia ere oso oso atsegina izan da.

Datorren urtera begira berdin jarraituko dugu. Hemen duzue hurrengo proposamena:
Gotzon Barandiaranen “Errotik” (Susa)


Solasaldia egiteko eguna OTSAILAK 2 izango da, asteazkena, 19:30ean.


BITARTEAN, LIBURUAZ GOZATU!!!

Liburuari buruz:
Langileen adorea, zanpaketaren gordinkeria, erresistentziaren ederra, familiaren estura, borrokaren zaila, mendekuaren bihozkada dira Gotzon Barandiaranen lehen nobelako gaiak. Bilboko Euskalduna ontziolan 2.461 langileetatik 200entzako tokia besterik ez zela izango adierazi zuen Espainiako Gobernuak 1984an, birmoldaketa asmoak abian jarri zituenean. Txikizioaren aurrean kalera atera ziren beharginak protestan eta borrokan, faktoriaren eraistea galaraztearren. Ankerra izan zen Agintaritzaren erantzuna: atxiloketak, zaurituak eta hildakoak. Euskaldunako langilea izan zen Luis Urresti; deskalabru haren ondotik minbizi batek eraso du eta hiltzera doa. Bere alaba Loreari urradura garratza handituko zaio betiko. Aitaren eta alabaren arteko solas etenek eta oroitzapenenek egituratzen dute kontakizun osoa.