2016/04/12

“Lili eta biok”, Ramon Saizarbitoria

Kaixo lagun:
Garazi Kamioren “Beste norbaiten zapatak” liburuarekin agur esan diogu aurtengo neguari. Liburuaren zortzi ipuinetako pertsonaiekin gozatu dugu irakurraldia, batzuetan hunkitu, bestetan harritu…  
Gure hurrengo proposamena:
“Lili eta biok”, Ramon Saizarbitoria
 


Elkartzeko eguna: MAIATZAK 4, asteazkena, 20:00etan
Jai Alai Tabernan
Bitartean, liburuaz gozatu!
Ondarretako uretatik atera eta toallarekin lehortzen ari den bainulariari begira dago gizona. Gaixo egon arren, ez du Faustino Iturbek, psikologo ohi eta idazleak, erakarmenik galdu emakumeentzat. Sexualitate baldar eta grinatsutik aske, lasaiago sentitzen dira emakumeak bere ondoan, afektuaren eta aitormen atseginaren samurrean. Gauzak horrela, Ana psikologoaren maitasun-jazarpen tematiak asko du umoretik, are komikotasunetik ere.
Anaren bidez ezagutzen du Faustino Iturbek Lili, hamabost urteko neska bizkorra, baina nerabezaroaren krisialdian bete-betean sartua. Kalez kale garatutako solasean, gurasokeriarik gabe, eta neskaren galdera, zalantza eta jakin-minaren aurrean ulerbera agertzen delako idazlea, Otzeta eta Gerra Zibilaren garaiko sekretu baten jakitun egingo du Lilik. Juan Aramendia falangista nafarraren sinadura erakusten dio Lilik idazleari, aitonaren poesia-liburu batean. Handik aurrera nobelaren tramak abiadura bizia hartzen du, isilpeko istorio traumatikoak ere kanporatuz, baina batik bat, isil-gordean  iraun duen maitasun istorio erromantiko triste eta ezinduaren mataza harilkatua. Donostiatik Otzetara eta Otzetatik Donostiara, gaur egundik Gerra Zibileko gertalekuetara oihartzun eginez, eta Intxortako parajeetatik egungo bizitzara. Batetik bestera, leku eta denboraren jauzian garatuko da nobela distirante hau bikain amaitzeraino.
Idazle handi batek dakiena baino gehiago esaten du bere liburuetan. Eta Ramon Saizarbitoriak asko daki, baina gutxitan garatu du honako honetan, Lilirekin batera, eta bizitzari begira, erakusten duen samurtasuna. Belaunaldi zaharragoak ondorengoari transmititu nahi liokeen ondare egiazkoena.

2016/02/05

BESTE NORBAITEN ZAPATAK - Garazi Kamio

Kaixo lagun:
Aurreko astean eduki genuen aurtengo lehen solasaldia, Katixa Agirreren “Atertu arte itxaron” liburuaren ingurukoa. Solasaldia irudiz eta musikaz lagundu genuen. Atsegina oso!!
Gure hurrengo proposamena:
“Beste norbaiten zapatak”, Garazi Kamio



Elkartzeko eguna: MARTXOAK 16, asteazkena, 20:00etan
Jai Alai Tabernan
Bitartean, liburuaz gozatu!

Beste norbaiten zapatak, Garazi Kamio Anduaga: Lankide baten amaren hilbeilak egonezinik uzten duen gizona, giza harremanak matematika- ekuazioen arabera ikusten dituen bikotea, autobusean bidaia luze bat egin behar duen lagun parea, alaba gaixoa ospitalera eraman behar izan duen ama, bizilagunari mandatu bitxi bat eskatzen dion agurea, 30 urte lehenagoko ikasle garaiko pasadizoak aztoratzen duen gurasoa...