2012/12/24

KAIXO LAGUNOK!
Urte berriari hasiera emateko Literatura Txokoak hurrengo liburua gomendatzen dizue:
"Zintzoen saldoan"  Jon Alonso
Txalaparta

 

 
Solasaldia egiteko eguna: OTSAILAK 6, asteazkena, 20:00etan, Jai Alai Tabernan

LIBURUAZ GOZATU eta URTE BERRI ON!!!

Liburuari buruz:
Enekoitz Ramirez, Lanbas, etakide ohia, preso ohia, arte salerosle ohia eta lapurra orain, taldetxo batekin euskal jatetxerik onenetan lapurretan ari da. Baina negozioa zeharo okertuko da norbaitek euskal sukaldaritzaren etorkizuna den Kepa Pedrotegi sukaldaria hiltzen duenean. Gau horretan Pedrotegiren jatetxean afaldu zuen Enekoitzi egotziko diote hilketa eta, salaketa horretaz libratzeko bidean, abokatu, sukaldaritzakritiko, polizia eta bestelako jendilajearekin nahastuko da. Baina, haren zoritxarrerako, oraingoan zintzoen aldean..

2012/11/27

"LETURIAREN EGUNKARI EZKUTUA", Jose Luis Alvarez Enparantza

KAIXO LAGUNOK!
Aurreko astean bildu ginen Literatura Txokoan. Azarorako proposatu genizuen liburuari buruz mintzatu ginen, “Lotsaizuna” eleberriari buruz. Eleberri horrek Hegoafrikako gizartea hobeto ezagutzeko aukera eman digu. Beti bezala, solasaldi atsegina izan zen.

Urrian iragarri genizuen bezala, hau da abendurako daukagun proposamena:

"Leturiaren egunkari ezkutua", Jose Luis Alvarez Enparantza, Txillardegi



Liburu berezia aukeratu dugu, eta solasaldia ere berezia izango da.
Oraingo honetan astelehenez elkartuko gara, abenduaren 3an, Euskararen Nazioarteko Eguna, Zabalarten.
Solasaldi berezi honek Txillardegi hobeto ezagutzeko aukera emango digu.

Liburuari buruz:
Leturiaren egunkari ezkutua Jose Luis Alvarez Enparantzak, Txillardegik, idatzitako eleberria da, 1957an Bilbon Euskaltzaindiak argitaratua.
 Joseba Leturia nobelako protagonista da. Mirenekin maitemindu egiten da. Bere borroka existentziala da. Etsiturik eta zalantzan dago beti. Bere zorionaren bila dagoenean porrot egiten du; huts egin duela konturatzen da eta bakarrik sentitzen denez Miren hil eta gero, bere burua hiltzen du. Pertonaia hau hirian mugitzen da, hiri handi industrializatuaren giroan. Kokapen hau euskal nobelan estraineko aldiz ematen da. Obra hau lau zatitan dago banatua: Udaberria, uda, udazkena eta negua. Bakoitzak Josebaren egoerarekin batera azaltzen da.

Solasaldia egiteko eguna:
ABENDUAK 3, astelehena, 19:30etan, Zabalarten

ANIMA ZAITEZTE!!!

2012/10/05

FLASH MOVIE

EUSKARAZ BIZI NAHI DUT
FLASH MOVIE-a AGURAINEN
2012-10-14, Igandea
SANTA MARIA PLAZAN

Kaixo:
Datorren urriaren 14an (igandea), "Dantza plazan" amaitu eta gero, Flash Movie bat egingo dugu.
Esne Beltzaren "Nahi dut" abestiari koreografia bat jarri diogu. Koreografia erraza da eta plazan bertan ikasi ahal izango duzue.
Behin ikasita, eta proba batzuk egin eta gero, grabatu egingo dugu, ondoren Interneten eskegitzeko.
Igandea baino lehen ikasten joateko, hemen daukazue koreografia osoa.
 


 Ensaiatu ezazue zuen lagunekin, familiarekin... etxean, ikastolan, elkarteetan...
Plaza bete behar dugu!!!

2012/09/27

"LOTSAIZUNA" John Maxwell Coetzee

KAIXO LAGUNOK!
Udazkena hasierarekin batera hemen da Literatura Txokoa ikasturte berria hasteko prest.
Aurreko hilabeteetan izandako irakurketa eta solasaldi atseginak izaten jarraitu nahi dugu.
Horretarako, hemen duzue proposamena:
"Lotsaizuna"  John Maxwell Coetzee
Itzultzailea: Oskar Arana
Elkar



Solasaldia egiteko eguna: AZAROAK 7, asteazkena, 20:00etan, Jai Alai Tabernan
BITARTEAN, LIBURUAZ GOZATU!!!
Liburuari buruz:
Lotsaizuna (jatorrizko izenburua ingelesez: Disgrace) John Maxwell Coetzee idazle hegoafrikarrak argitaratutako zortzigarren eleberria da, jatorriz ingelesez idatzitakoa eta euskaratuta ere dagoena.
Halaber, izen bereko filma zinemaratu zuten 2008an, John Malkovichek pertsonaia nagusiarena egiten duena.
Haria: Literatura irakasle bat ikasle gazte batekin sexu harremanetan ibili ondoren, salaketa jaso eta unibertsitatetik bota dute. Mendi aldera doa hiria atzean utzita eta han zaintzaile beltz batekin bizi den bere alabarekin bat egiten du. Etxaldean eraso bat jasango dituzte alabak eta aitak gazte beltz batzuek egindakoa eta horrek aztarna mingarria utziz gain beldurra eurengan eta liskarra euren artean sortuko ditu. Apartheid osteko gizarte hegoafrikarraren zati baten isla da lan hau.

Literatura Txoko hau zabalik dago, etorri eta parte hartu!!
* Irakurriko dugun hurrengo liburua: "Leturiaren egunkari ezkutua", Jose Luis Alvarez Enparantza, Txillardegi (abendurako)

2012/05/19

"ARRAIN ABISALAK" Xabier Etxeberria-Martin Etxeberria (ELKAR)

KAIXO LAGUNOK!
Literatura Txokoa aurrera doa.
Gure azken irakurketa Harkaitz Canoren "Twist" izan da. Canok 80ko hamarkadara eraman gaitu, hainbat osagaiez betetako liburuan: adiskidetasuna, gerra zikina, maitasuna, lotsa, justizia, errua...
Irakurriko dugun hurrengo liburua hau izango da:
"Arrain abisalak" Xabier Etxeberria-Martin Etxeberria (Elkar)



Solasaldia egiteko eguna:
Ekainaren 13a, asteazkena, 20:00etan, Jai Alai Tabernan
 Bitartean, liburuaz gozatu!!!
* Liburuari buruz:
Erdi Aroko hildakoen kondairak eta gaur egungo tabernetako parrandak abilki nahastuz, polizi eleberri original eta indartsua biribildu dute Etxeberria anaiek, leku-garai guztiz zehatzean girotua eta umore zorrotzez ondua; lagungarri izan dituzte erritmo bizia, hizkera naturala, kontagaiaren ingurua ongi ezagutzeak ematen duen sinesgarritasuna.

2012/04/06

"Twist" Harkaitz Cano (Susa)


KAIXO LAGUNOK!
Literatura Txokoa atzo iluntzean elkartu zen.
Oraingo honetan Arantxa Urretabizkaiaren "3 Mariak" liburua izan genuen solasgai. Hiru Mariak ezagutu ditugu, Txuri, Gorri eta Handi. Horien istorioak, gogoetak, harremanak. Iraganera begiratu baino, orainera eta etorkizunera begiratzera animatu gaitu liburuak.
Irakurriko dugun hurrengo liburua hau izango da:
"Twist" Harkaitz Cano (Susa)

 
Solasaldia egiteko eguna:
Apirilaren 25a, asteazkena, 20:00etan, Jai Alai Tabernan
Bitartean, liburuaz gozatu!!!
* Liburuari buruz: Soto eta Zeberio bahitu, torturatu, hil eta desagerrarazi egin zituzten.
Diego Lazkano idazleak gogoan betiko txertaturik daramatza bi lagunak, ezin ditu oroimenetik uxatu, bi itzal haietatik elikatzen ari da hogeitaka urtetan, Soto eta Zeberioren ordez bizi ote den zalantzarekin, haien ordez bizitzea balitz bezala bere erantzukizuna.
Errua, maitasuna, traizioa, sexua, indarkeria, lotsa, justizia, erredentzioa, usurpazioa, antzezpena... asko dira TWIST nobelako hariak, baina denen gainetik nagusitzen da adiskidetasunari egindako kantua.

2012/04/05

"3 Mariak" Arantxa Urretabizkaia (Erein)

KAIXO LAGUNOK!
Literatura Txokoak aurtengo lehen solasaldia egin zuen hilaren 1ean.
Kirmen Uriberen “Bilbao-New York-Bilbao” liburuak hunkitu egin gaitu. Familia, adiskidetasuna, herria, gerra garaia, arrantzaleak, aitatasuna… Kirmenen kontakizun samurrekin irakurketa atsegina izan dugu.
Irakurriko dugun hurrengo liburua hau izango da:
"3 Mariak" Arantxa Urretabizkaia (Erein)


Eta honekin batera, Aguraingo II. Narrazio Lehiaketan saritutako hiru narrazioak ere irakurriko ditugu. Narrazioak ondorengo linketan dituzue:
Inprimaturik nahi izanez gero, Aguraingo Liburutegian izango dituzue
Solasaldi bikoitza egiteko eguna:
Martxoaren 7a, asteazkena, 20:00etan, Jai Alai Tabernan
Bitartean, liburuaz eta narrazioetaz gozatu!!!
* Liburuari buruz: Kalera irten, egunero irteten ginen, are alargundu osteko neguan eta udaberri euritsu hartan. Gorrik buru belarri sinesten du onuragarria dela kalera irtetea, onuragarri ibiltzea eta, era berean, jendea ikustea, gure etxean egunero bisitaren bat bagenuen ere. Hori bai, protesta egiten zuen euria zen bakoitzean.Gero esango dute adinarekin itzali egiten direla grinak, ahuldu. Normalean, jendeak zahartzaroari buruz hitz egiten duenean, berari gertatzen zaiona orokortzen du edo, bestela, jaiotza agiriak bizitza osoa gobernatu behar balu bezala jarduten du. Zaharregia zara bizitza berri bati ekiteko, esan zidan semeak eta gorrotoa gorde zalea ez banaiz ere, ez dut oraindik esaldia ahaztu. Esan dezaket, nire kasuan, gaztetan nituen grina eskasak itzali egin direla eta hori, niretzat, zahartzaroaren abantailetako bat da. Gorri, ordea, esango nuke, zenbat eta zaharrago, orduan eta grinatsuago dela edo hori esaten dit, behintzat berez gezurtia den memoriak.

"BILBAO-NEW YORK-BILBAO" Kirmen Uribe (Elkar)

KAIXO LAGUNOK!
Literatura Txokoak aurtengo azken solasaldia egin zuen hilaren 14an. Anjel Lertxundiren “Etxeko hautsa” liburua irakurrita, Jai Alai tabernan elkartu ginen. Liburuaren nondik norakoak mahai gainean jarri genituen, eta era guztietako iritziak azaldu ziren.
Aurrekoetan bezala, solasaldi atsegina izan genuen.
Irakurriko dugun hurrengo liburua hau izango da:
"BILBAO-NEW YORK-BILBAO" Kirmen Uribe (Elkar)

 Solasaldia egiteko eguna:
Otsailaren 1a, asteazkena, 20:00etan, Jai Alai Tabernan
Bitartean, liburuaz gozatu!!! Eta urte berri on!!!
* Liburuari buruz:
Haize berria dakar Kirmen Uriberen azken liburuak. Kontagintza-mota ohikoak alde batera utzita, autofikzioaren bidetik jo du bere lehenengo eleberri hau idaztean, errealitateko datuak material literario moduan erabiliz, fikzioaren baliabideen bitartez historia ere istorio bihurtuz eta egilea bera bere kontakizunaren objektu bihurtuz.

HITZALDIA - SOLASALDIA

"ETXEKO HAUTSA" Anjel Lertxundi (Alberdania)


KAIXO LAGUNOK!
Literatura Txokoak irailean hasi zuen ikasturte berria, eta dagoeneko ikasturte berri horren lehenengo liburua irakurri dugu, "Koaderno handia", Agota Kristofena, Eskarne Mujikaren itzulpenarekin.
Liburu gogorra iruditu zaigu, gaia, pertsonaiak, egoerak... latzak dira. Baina era berean, Agota Kristofek idatzitako beste libururen bat irakurtzeko gogoekin geratu gara. Hurrengo batean izango da!
Oraingoan, hau da gure proposamena:
"ETXEKO HAUTSA" Anjel Lertxundi (Alberdania)



Solasaldia egiteko eguna:
Abenduaren 14a, asteazkena, 20:00etan, Jai Alai Tabernan

Bitartean, liburuaz gozatu!!!

* Liburuari buruz:
Franco hil aurreko azken urteetako giroarekin hasten da liburua eta orduan narratzaileak bizi izandako gertaera batekin: ETAko bi kide eraman behar izan zituen, arratsalde sargori batean, bere autoan herri batetik bestera. Hogei urte geroago ari da narratzailea orduko giroa eta giroari buruzko hausnarketa idatzia idazten zerga iraultzailea eskatu dioten aitari, buruko gaixotasun baten eraginez ahanzturaren eremuan bizitzen hasita dagoen aitari. Era horretan, aita-semeen arteko harremanaren aztertzea ere bada liburua. Nolabaiteko aitortze mingarri bat.
Narratzailearen memoriako hariz hasten da gertakarien oroimen inperfektua agertzen, esandako gauzak eta isildutakoak, behin eta berriz Franco hil aurreko arratsalde sargori hartara eramaten dutenak.
Narratzaileak bere aitari egiten dion aitorpenak gure historiaren azken urteak hartzen ditu aintzat, bere ilungune eta miseriekin, galderak sortzen dira irakurri ahala, eta galdera horiek guretzat dira.

* Liburuaren lehenengo kapitulua erantsita doakizue. Anima zaitezte!!!

"Koaderno handia" Agota Kristof (Alberdania)

KAIXO LAGUNOK!
Udazkena hasierarekin batera hemen da Literatura Txokoa ikasturte berria hasteko prest. Aurreko hilabeteetan izandako irakurketa eta solasaldi atseginak izaten jarraitu nahi dugu.
Horretarako, hemen duzue gure proposamena:
"Koaderno handia"  Agota Kristof (Alberdania)
Itzultzailea: Eskarne Mujika Gallastegi




Solasaldia egiteko eguna:
AZAROAK 2 izango da, asteazkena, 20:00etan, Jai Alai Tabernan.

Literatura Txoko hau zabalik dago, etorri eta parte hartu!!

BITARTEAN, LIBURUAZ GOZATU!!!
Liburuari buruz:
Ikasketa-prozesu baten lekuko egiten gaitu Koaderno Handiak. Pertsonaia nagusien, bi anaia bikien, ikasketa-prozesua da. Liburuak jakinmina pizten du, erakarri eta berarekin eramaten du irakurlea liluraturik. Edonor harritzen baitu horrelako gertaerak hain xalo kontaturik entzuteak. Xalotasun-aire hori lortzeko, Agota Kristofek haurren idatz-tankera antzeratzen du. Irakurketa amaitu eta gero, liburua itxi eta bat baino geratuko da gogoetatsu, irria ezpainetan izozturik eta galderaren bat buruan jauzika.

DANTZA IKASTAROA

Jauziak, Iparraldeko dantzak ikasi nahi dituzu?
Badakizu 10 urratsekin Iparraldeko dantza pila dantza dezakezula?
Ikasi urratsak Olbeak Euskaldunon Elkarteak antolatutako ikastaroan
Erdixka, dobla, pika, ezker eta hiru, erdixka lauetan...


JOAN (Patxi Zubizarreta)

KAIXO LAGUNOK!
Elkarrekin izandako azken solasaldia oso atsegina izan zen. Udaberriko arratsalde polit bat izan genuen eta kalean elkartu ginen, mahai baten inguruan.
Miren Agur Meaberen ipuinek beste mundu batera eraman gaituzte, ametsak, pertsonaia magikoak... istorioak eta koplak.
Gure txikiei kontatzeko ipuinak dira, helduei ere bai; eta abesteko koplak. "Zazpi orduak" liburua oso berezia da, gomendagarria.
Hemen duzue hurrengo proposamena:
"Joan" Patxi Zubizarreta (Txalaparta) (Liburua+DVD)
Solasaldia egiteko eguna MAIATZAK 25 izango da. Egun hau berezia izango da, izan ere Patxi Zubizarreta idazlea Agurainera hurbilduko da gurekin solasaldia egitera. (Lekua eta ordua zehaztuko ditugu)
BITARTEAN, LIBURUAZ ETA MUSIKAZ GOZATU!!!
Liburuari buruz:
Uztaila Lisboan, Mariok dei bat jaso du: emakume baten ahotsa da, frantsezes, Joao anaia gaztea Santa Grazin larri dagoela dio. Mariok zer egin erabaki beharko du: joan, ez joan... "Erabakiak guk geuk hartzen ditugulako ilusioa bizi dugu baina, izan, damuak baldintzatutako halabeharraren iruzur baino ez dira". Sara Caeiroren hitzok izan zitezkeen eleberri honen hari gidaria. Senperena piano joleak, liburuaren atal bakoitza gogoan, bost fado grabatu ditu.