Kaixo lagun:
Garazi Kamioren
“Beste norbaiten zapatak” liburuarekin agur esan diogu aurtengo neguari. Liburuaren
zortzi ipuinetako pertsonaiekin gozatu dugu irakurraldia, batzuetan hunkitu,
bestetan harritu…
Gure hurrengo
proposamena:
“Lili eta biok”, Ramon
Saizarbitoria
Elkartzeko eguna: MAIATZAK 4, asteazkena,
20:00etan
Jai Alai Tabernan
Bitartean, liburuaz gozatu!
Ondarretako uretatik atera eta
toallarekin lehortzen ari den bainulariari begira dago gizona. Gaixo egon
arren, ez du Faustino Iturbek, psikologo ohi eta idazleak, erakarmenik galdu
emakumeentzat. Sexualitate baldar eta grinatsutik aske, lasaiago sentitzen dira
emakumeak bere ondoan, afektuaren eta aitormen atseginaren samurrean. Gauzak
horrela, Ana psikologoaren maitasun-jazarpen tematiak asko du umoretik, are
komikotasunetik ere.
Anaren bidez ezagutzen du Faustino
Iturbek Lili, hamabost urteko neska bizkorra, baina nerabezaroaren krisialdian
bete-betean sartua. Kalez kale garatutako solasean, gurasokeriarik gabe, eta
neskaren galdera, zalantza eta jakin-minaren aurrean ulerbera agertzen delako idazlea,
Otzeta eta Gerra Zibilaren garaiko sekretu baten jakitun egingo du Lilik. Juan
Aramendia falangista nafarraren sinadura erakusten dio Lilik idazleari,
aitonaren poesia-liburu batean. Handik aurrera nobelaren tramak abiadura bizia
hartzen du, isilpeko istorio traumatikoak ere kanporatuz, baina batik bat,
isil-gordean iraun duen maitasun istorio erromantiko triste eta
ezinduaren mataza harilkatua. Donostiatik Otzetara eta Otzetatik Donostiara,
gaur egundik Gerra Zibileko gertalekuetara oihartzun eginez, eta Intxortako
parajeetatik egungo bizitzara. Batetik bestera, leku eta denboraren jauzian
garatuko da nobela distirante hau bikain amaitzeraino.
Idazle handi batek dakiena baino
gehiago esaten du bere liburuetan. Eta Ramon Saizarbitoriak asko daki, baina
gutxitan garatu du honako honetan, Lilirekin batera, eta bizitzari begira,
erakusten duen samurtasuna. Belaunaldi zaharragoak ondorengoari transmititu
nahi liokeen ondare egiazkoena.