2012/04/05

“ENTZIA MENDIZERRA EZAGUTZEN” MENDI IRTEERAK
OLBEA euskaldunon elkarteak, euskararen erabilera bultzatu eta hizkuntza ohituretan eragiteko helburuarekin, beste ekimen berri bat martxan jarriko duela jakinarazten dizuegu.
Hilabetean behin mendi irteera bat antolatuko dugu Entzia mendizerran zehar. Oso gertu dugun arren, aguraindar askorentzat guztiz ezezagunak dira paraje natural honek eskaintzen dizkigun txokoak, fauna eta flora, paisaiak, gure arbasoek utzitako aztarna arkeologikoak, kobazuloak, etab. Azpimarratzekoa da adibidez Entzia mendizerra, Arabako zonalde aberatsena dela Neolitiko- Brontze ( 3000-850k.a ) garaiko aurkikuntza arkeologikoei dagokionez.
Ibilbide gidatuak izango dira eta adin guztietako pertsonak parte hartzeko modukoak. Ondo pasatzeaz eta euskaraz mintzatzeaz gain, gure inguru naturalari buruz zerbait gehiago ikasteko aukera paregabea izango dugu.
Gure asmoa irteera guztiak autobusez egitea da, beti ere, parte-hartzaile kopuruak ahalbideratzen badu. Honela izango balitz, bakoitzak 3 euro ordaindu beharko lituzke egunean bertan.
Euskaraz aritzeko guneak sortzea da OLBEAren helburuetako bat, beraz, ekimen hau, inguruko ikastoletako haur eta gurasoentzako, euskara ikasten ari direnentzako eta oro har euskaldun guztientzako zuzenduta dago. Aguraingo eskualdean euskara sustatzeko bide bakarra elkarlana dela uste dugu, horregatik, eskualdean euskararen alde lanean zabiltzaten orori ekimen honetan ere parte-hartzeko eta zuen esparruan zabaltzeko eskaera luzatzen dizuegu.
1.go Irteera: “Legaire - Iguaran kobazuloa”
EGUNA: Azaroak 28, igandea.
ELKARRETARATZEA: Goizeko 9etan Fueros kafetegiaren parean. Autobusa 3€
ERAMAN BEHARREKOA:
·         Negurako arropa eta oinetako egokiak (botak, txubaskeroa,…).
·         Iguaran kobazuloan sartzeko arropa zaharra edo laneko buzo bat.
·         Linterna (frontala posible bada).
·         Hamaiketakoa.
IZENA EMATEKO:
·         E-MAIL BIDEZ: olbea.elkartea@gmail.com
·         TELEFONO BIDEZ: 652734065
·         AGURAINGO AEK EUSKALTEGIAN.
IZENA EMATEKO EPEA: Azaroak 18, osteguna.
IBILBIDEA:
Legaireko aparkalekutik hasita zelaian barrena ekingo diogu gure ibilbideari. 8 kilometro inguru dituen ibilbide lau eta erraza da. Legaireko zelaietan monumentu megalitiko, trikuharri eta aztarna arkeologiko ugari aurkitu dira eta hauetako batzuk ikusteko aukera izango dugu.
Legaireko zelaiak zeharkatu ondoren Iguarango kobazulora joango gara. Iguaran, Entzia mendizerrako kobazulorik ospetsuenetakoa dugu eta kobazuloa oso ondo ezagutzen duen espeleologo baten laguntzaz bere barrenak ikusteko aukera izango dugu. Taldeka sartuko gara bertan, ez dago batere arriskurik  eta oso esperientzia polita izango da. Ikusiko ditugun aztarna arkeologikoei buruzko informazio gehiago http://www.agurain.org/arkeologia/01aurkezpen.htm orrialdean aurkituko duzue.