2014/11/08

HUTSAREN ITZALAK -Jon Arretxe-

Kaixo lagun:
Dagoeneko uda joan zaigu eta udazkenarekin batera Literatura Txokoa itzuli da. Ikasturte berriari gogotsu ekingo diogu.
Lehenengo irakurketa hau izango da:

“Hutsaren itzalak”, Jon Arretxe (Erein)




Elkartzeko eguna AZAROAK 12, asteazkena,
20:00etan Jai Alai Tabernan

Bitartean, liburuaz gozatu!

Hainbat urtez bizirik irauteko borrokan ibili ondoren, Tourek Sira bere alabaren deia jaso du. Hendaiara datorrela esan dio, egun batzuk elkarrekin pasatu nahi dituela eta. Paperik ezaren arazoak saihesteko, Tourek Sa Kene bere amorantea bidaltzen du alaba autoz jasotzera. Baina Sira ez da hitzordura agertzen.
Hauxe da Toure “detektibe-igarle”aren hirugarren abentura. Arretxek koxka bat estuago egiten du, eta Saharaz hegoaldeko etorkinen egoera gordinean egiten du azpimarra. Hemen ez dago aurreko abenturetan hainbat irribarre, egoera barregarri edo ikerketa absurdorik. Bigarren plano batean geratzen da umorea eta ironia oraingoan. Paradisuaren ateetaraino iristeko ibilbide nekezkoak, mafien esku-sartze ankerrak, giza legearen etengabeko urratzeak hartzen dute protagonismoa… Intrigarik ez da falta, ordea. Egiantzekotasun handiko historia da Toure eta San Frantziskoko Afrika Txikiko bere lagunena, ahula ahaltsuaren kontrako borrokara behartzen duen historia.
Jon Arretxe berriz ere kontakizun poliziakoaz baliatzen da gure inguruan ikusten diren bidegabekeriak eta xenofobiaren orratzak zorrotz salatzeko.

2014/06/06

HOBE ISILIK - Garbiñe Ubeda

Kaixo lagun:
Dolores Redondoren “Hezurren ondarea” liburuak berriz eraman gaitu Baztanera eta misterioz bete du gure irakurraldia. Trilogiaren bigarren honekin hirugarrenaren zain geratu gara…
Ekaina gertu daukagu eta ikasturte honen azken liburua hauxe izango da:
“Hobe isilik”, Garbiñe Ubeda (Elkar)



Elkartzeko eguna EKAINAK 18 izango da, asteazkena,
20:00etan Jai Alai Tabernan
SOLASALDI BEREZIA IZANGO DA!!
ADI EGON!!
Bitartean, liburuaz gozatu!

Hobe isilik, Garbiñe Ubeda Goikoetxea: 1936ko Gerran ibili eta gero, II. Mundu Gerraren amaieran Frantzian desagertutako Jose Bermejo aitona miliziano anarkistaren arrastoaren bila hasten da haren biloba Bakartxo. Inoiz ezagutu gabeko aitona hari idatziko balio bezala, bilaketaren gorabeherak, ezusteko aurkikuntzak eta horiek sorturiko zalantzak kontatzen dizkigu eleberriak; horiekin batera, familiaren historia berreraikiko du narratzaileak, baita hainbat gogoeta harilkatu ere: sekretuaz, isiltzeaz, bizitza berri bat hasteaz, zaharra ahazteaz…
Kazetaritzan ibilbide luzea duen arren, hauxe du Garbiñe Ubedak lehen saialdia fikzioaren munduan, eta azpimarratzekoa da testuaren kalitatea, estilo landu eta dotorea, baita pertsonaien taxuera ñabarduraz betea ere. Ondarroako Udalak eta Elkar argitaletxeak antolatutako Augustin Zubikarai beka-sariaren irabazlea izan zen nobela-proiektu hau.

2014/03/27

HEZURREN ONDAREA - Dolores Redondo

Kaixo lagun:
Alice Munroren Zorion handiegia-k irakurketa sakona behar zuen eta hasiera baten jarritako epea luzatu genuen. Azkenik, martxoaren 12an egin genuen solasaldia. Solasaldi bizia izan zen: liburuan dauden ipuinen pertsonaia, egoera eta bizipenei buruz luze hitz egin genuen.


Hurrengo liburua Dolores Redondoren “Hezurren ondarea” izango da, “Zaindari ikusezina”-rekin hasitako Baztango trilogiaren jarraipena.


Elkartzeko eguna MAIATZAK 14 izango da, asteazkena,
20:00etan Jai Alai Tabernan

Bitartean, liburuaz gozatu!
Johana Marquezen aitaordearen kontrako epaiketa hastear dago. Salan zain dauden pertsonen artean dago, haurdun, Amaia Salazar inspektorea, Foruzaingoaren homizidioen arloko burua. Zaindari ikusezinean ikusi genuen bezala, berak argitu zituen Basajaunen hilketak, Baztan ibar osoa izuz eta kezkaz bete zutena. Basajaunen modus operandia imitatuz, Jason Medinak bere andrearen alaba nerabea, Johana, hil, bortxatu eta mutilatu egin zuen. Amaiak bere egitekoa bete du hiltzaile bihozgabe hura akusatzen zuten frogak biltzen, eta prest dago epaiketan erakusteko.
Halako batean, ordea, epaileak adierazi du epaiketa bertan behera gelditzen dela: akusatuak bere buruaz beste egin du epaitegietako komunetan. Berriak ikusmina eta haserrea pizten du salan, eta poliziak Amaiari deitzen dio: akusatuak ohar kezkagarri misteriotsu bat utzi du inspektoreari zuzendua. Hitz bakar bat: “Tarttalo”. Hitz bakar horrek lotura moduan jokatzen du eleberriko trama lazgarriaren garapenean, eta, inspektorea epizentro duela, bukaera bizkor dardaratsuraino eramango gaitu ia konturatu gabe.
Baztango trilogiako bigarren eleberri honek badu beste foko bat ere, hari nagusiari maisuki lotua, familia harremanak, senar-emazte harremanak, amatasuna… ukitzen dituena eta kontakizuna are interesgarriago bihurtzen duena.

2014/02/08

ZORION HANDIEGIA - Alice Munro-

Kaixo lagun:
Irakurri dugun azken liburua Ispilu hautsia izan da, Mercé Rodoreda idazlearena. Liburu mamitsu honen bitartez Kataluniako familia aberats baten belaunaldiak ezagutu ditugu, pertsonaien bizimoduak, poz eta tristurak eta nola ez, horien sekretu eta mamuak.

Oraingo honetan Alice Munroren Zorion handiegia proposatzen dizugu, Meettok argitaletxearena.





Elkartzeko eguna OTSAILAK 26 izango da, asteazkena,
20:00etan Jai Alai Tabernan

Bitartean, liburuaz gozatu!

Zorion handiegia
Alice Munro
Hamar ipuin berri dakarzkigu gure idazle estimatu eta miretsienetakoak. Man Booker International saria irabazi zuen 2009an.
Lehenengo ipuinean, emazte eta ama gazte bat bere hiru haurrak galdu izanak sortzen dion min jasanezinetik libratzen saiatuko da ustekabeko bideetatik. Beste batean, emakume gazte batek, sedukzio ezohiko eta umiliagarri baten aurrean, buru argiz baina modu desatseginean erantzungo du. Beste ipuin batzuk agerian utziko dituzte, besteak beste, senar-emazte batzuen “zulo-sakonak”, haurren krudelkeria susmatugabea nahiz mutil bati bere aurpegi desitxuratuak bizitzan dakarzkion alde onak, eta txarrak. Eta lanari izenburua ematen dion ipuin luzean, negu batean Sophia Kovalevskyrekin batera (XIX. mende amaierako errusiar atzerriratu eta matematikari bat) bidaiatuko dugu. Bidaia Rivieran hasiko du ―maitalea bisitatuko baitu han―, Parisen, Alemanian eta Danimarkan jarraituko ―bertako doktore batekin egingo du topo zorigaiztoz―, eta Suedian amaituko ―han irakatsiko baitu, emakumezko matematikari bati lana eman nahi dion Europako unibertsitate bakarrean―.
Argi eta aise, Alice Munrok berriz ere gertaera eta emozio konplexu eta zailak jasotzen ditu ipuin hauetan, gizon-emakumeak bizitzan gertatzen zaien horretara nola egokitzen diren eta nola bizipen horiek sarri buruz gain egiten dien erakusten baitu.